2009/06/07
Nire izena - Gabriel Aresti
Nire lauzaren gainean eskribu hau:
Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego.
Pérez y López. Marmolistas. Derio.
Bizkaiko Bibliotekan ere egonen da
(deskomekatzen ezpanaute),
liburu bat (behar –bada, ezta seguru),
inork letuko eztuena,
nire izenarekin. Eta
gizon batek esanen du kardanberak loratzen
direnean:
Nire aitak esaten zuen bezala, nik ere…
(Andre bat etorriko zait Done Santuru oro
lore koroa batekin).
Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati
nire izenik eman dezaiotela.
(Eztut nahi bizargile hordi batek esan dezala:
Ni Arestin bizi naiz, anaiaren
koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua.)
Batzutan esan zaharrak erratzen dira.
Pentsatzen dut nire izena
nire izana dela,
eta eznaizela ezer ezpada
nire izena.
2009/02/12
Loquilloren abestiaren antipoda
Gaur ere huts egin diot. Badaramat denbora asko nahigabe, kontrakoa iruditu arren, bera pixkanaka hiltzen. Oso adeitsua eta maitagarria da nirekin, pentsatzen dituen gauza ia guztiak ahal bezain ondoen adierazten dizkit. Baina ni, egiten dudan gauza bakarra zera da, hanka sartzea da.
Ohean nago etzanda, Sorotan Belek abesten zuen bezala, gorantz begira eta ni ohartzen naiz bera maite dudala.
Malkoak hasi dira kanporanzko bidaian,nire begirada itoz eta izara zuriak bustiz. Negar zotinak ezinegonak sorrarazi ditu. Konturatu bainaiz ni naizela Loquilloren abestiaren antipoda. Baina zergatik itsu-itsuan maite baldin badut? Zergatik bera bera baldin bada nire lehen eta azken pentsamendua izarrik nagoenean? Zergatik berak betetzen baldin baditu nire ametsik goxoenak? Zergatik ezin naiz ni izan bera behar duen printze urdina?
2009/01/30
Barriro be hamen
Egia esan, uste dut bi irakurle besterik ez ditudala (penagarria eta pozgarria aldi berean). Bata misterioz beteriko idazle bizkaitarra eta bestetik urrutiko lagun oso hurbila. Bioi eskerrik asko eta barkatu. Hainbat kontu ditut zuei erakusteko... ametsetako mundu dardargarria... sentimenduen mundu desorekatsua... itxaropenaren mundu geldoa... DENAK!
Patuaren irribarre berriarekin nire hitzak ekarriko dizkizuet blog ilun disdiratsu honetara. Beraz, zai egon eta uste baino lehen hamen eukiko nauzue.
Mosu asko hor egoteagaitik eta nire hitzak irakurtzeagaitik.
Laster arte pareja!!
2009/01/04
Bizitzaren koloreak

2008/12/04
Gorritxo baserriko komeriak
Heldu zen momentu bat, noiz ia egunero sartzen zen eta artaldea, noski, kokoteraiño zegoen azeriaz eta bere gaiztakerietaz. Beraren erruz ezin baitzuten lasai jan eta landa berdean egon. Agertzen zen bakoitzean korrika eta presaka joan behar ziren bordara, babes bila.
Egun batean, Gorritxu baserriko artalde koloretsuak azeriari aurre egin zion. Bai zuriek eta bai beltzek azeri krudel eta gaiztoari aurre egin eta baserriko mugetatik bota zuten. Ez baitzeb ondo etorria baserri hortara.
Orduz geroztik, Gorritxo baserrian artalde zuri-beltzak poz-pozik eta bakean bizi eta amesten du. Eta azeri gaiztoa paradisutik kanpo bakar-bakarrik bizi da.
2008/11/19
Bakardadea
Gaur ere errealitateak zabaldu dizkit begiak bortizki. Gaur ere sabela errautsez ala hausterrez betea da, barneko amorruak kiskaltzen baitu nire arima. Gaur ere amorruaren malkoak masailean behera doan bidea gauzatu nahi dute. Gaur ere ezintasuna nire barrenean bueltaka dabil. Gaur ere...
Lurrean eserita nago. Nire inguruan jendea dantzan eta kantuan. Gaur Bizkaiko Dantzari Eguna da. Gaur Maiatzeko lehenengo igandea, igande eguzkitsua. Egun eguzkitsua izan arren eguzkiaren alaitasunak ihes egin du hodei ilunak estaltzen dutenean bezala, iluntasuna jaun eta jabe egiten denean bezala.
Denbora gutxian bakardadearen besoetan erori naiz. Bakardade mingarrienaren besoetan. Jendea inguruan eta bakarrik sentitzen zareneko bakardade krudel eta latzaren besoetan. Bakardade honek pentsatzera bultzatu nau, eta orduan konturatu naiz bakardadean babestearen arrazoia. Gauzak ez dira izan nik pentsatu nuen bezalakoak. Ez naiz konturatu orain arte, baina jendea aldatu egin da, batzuk jada ez dira berdinak.
Txikiak direnek banaketa denbora baten ostean nagusi direla uste dute, eta lehengoa ez dutela gogoko dirudi. Agian haientzat normala da , baina niretzat ez. Haien usteen jabe direnen jokabide berdina hartu dute. Beharbada egun batengatik, baina jokabide horrek ni, beste batzuen artean, baztertzen nau, eta horrek minduz aparte goibeltzen nau.
Akaso, azken finean nire aitak arrazoia du, eta nire buruan zehar dabiltzan hegalariak, ametsen eta idealen tximeletak, pinpilinpauxak, txirpilotak dira.
2008/10/21
Ametsetan
Baina bat-batean irakaslea sartu da, eta nire segapotoaren isiltasunak, zera jakinarazi dit, AMETSETAN nengoela! Amets goxo eta zoragarri batean murgilduta. Isiltasunaren soinuak ametsa hautsi dit. Baina beno, ez dut berriro ezinezkoarekin amestuko… Izartzearen garraztasunak errealitate krudelarena baino handiagoa baita eta nire barrenak suntsitzen ditu.
Etxeranzko bidean, Mikel Urdangarinen ‘Notak paper solte batean’ entzuten nindoala, begietatik negar tanta hotz pare batek irrist egin didate masailetik behera. Eskuarekin hartu eta bertan, nire eskuan, estutu eta suntsitzeko ahalegina egin ditut. Inpotentziaren malkoak baitira, eta horiek bakarrik aterarazten ditut neure logelaren iluntasunaren babesean. Inork ikusten ez nauenean.
Gaur, isiltasunaren soinuak izartu nauenean, konturatu naiz maitasunaren erokeriak bakarrik filmetan egi bihurtzen direla. Gaur, ametsa haustu didazunean, konturatu naiz arantzadun arrosak desagertzen ari direla. Gaur, zu ikusi ez zaitudanean, konturatu naiz inoiz baino maiteago zaitudala. Baina, gaur, guzti horretaz konturatzean, errealitatearen labankadarik bortitzena sentitu dut neure bihotzean.
2008/09/03
Antipodetako mina
Egun eguzkitsu bat zen. Haize kresaldunak Aneren ilearekin dantzan zebilen bitartean, Ane mukizapi heze batekin lehortzen zituen bere negar malkoak. Bat-batean mobilak Sorotan Beleren ‘Amaren besoetan’ kanta jotzen hasi zen. ‘…euskal herri osoko mendi guztietan, etxean aurkitzen naiz amaren besoetan…’.
-Bai? Nor da?- galdetu zuen Anek.
-Kaixo bihotza! Zelan?- bestaldeko ahots goxoak.
-Ba…egia esan…ez oso ondo…
-Zer ba? Zer gertatu zaizu, ba? Kontaidazu dena. Badakizu hemen nauzula zu laguntzeko prest.- Mirenen ahots goxoa kexka eta larritazun puntu batez busti zen.
-Ba…zera…Wellingtonetik buelta naizenetik bakarrik eta arrotz sentitzen naizela. Jendea inguruan daukadan arren ikustezin sentitzen naiz. Wellingtonen bizitako guztia faltan dudala. Han sei lagun bakarrik ginen, baina beti elkarrekin, beti bata besteari laguntzen, ondokoa alaitzen… Hemen ordea, bakoitza berekoi jokatzen du! Eztakit…baina askotan pentsa egiten dut han askoz zoriontsuagoa izango nintzela…
-Bihotza, trankil egon. Kapitaletik bultatzen naizen bakoitzean sentitzen duzun hori sentitzen dut nik. Baina kaka guzti horri aurre egin ahal izateko, zu berekoi bihurtu beharko zara…- Mirenek lagundu nahian.
-Bai, baina Miren badakizu ni ez naizela batere berekoia, ta uste dut inoiz ez dudala lortuko. Esagutzen nauzu eta badakizu, soberan gainera, berekoitasuna gorrotatzen dudala.- Ane barne-barneko gorrotoa ateraz.
-Jeje! Bai esagutzen zaitut eta badakit zenbaterainokoa den zure gorrotoa. Eta horrexegatik esaten dizut. Zugan gehiago pentsatzen ez baduzu sentipen horiek ez dira inoiz zugandik aldenduko. Ta bihotza, berekoi bihur zaitezke puntu bateraino.
-Eztakit…Hori ezin da izan irtenbide bakarra.-Ane atsekabeturik- Baina eskerrik asko entzuteagatik eta batez ere laguntzeagatik. Zergaitik deitu nauzu?
-Ba, ene barnean zu ez zeundela ondo sentitzen nuelako.
-Nola liteke kilometrotara dagoen pertsona batek ni ulertzea eta nitaz arduratzea, nire ondoan daudenak konturatzen ez diren bitartean? Harrigarria da, benetan.- Ane munduko harridura guztiaz eta haserre puntu txiki batekin.
-Ba bai bihotza, hala da bizitza. Ta Ane txarto sentitzen zaren guztietan deitu, ez ezazu itxaron ni zure mina sentitu arte.
-Zaiatuko naiz. Eskerrik asko Miren, beti hor nire ondoan egoteagatik. Nahi baino urrunago egon arren. Eskerrik asko benetan. – Aneren agur eskergarria.
2008/06/15
Hire sua
Sua,
gure garretan dirauenaren izatea.
Tik-tak.
Denboraren morroi mainatsuak
bekatarien ondorengo ederrenak.
Liluraren begi itsuek,
gaitzak lanbroaz estali.
mendi magaletik itsas ertzera
eta poesiatik haratago.
Trumoien izenean errautsa naizela,
iraganaren aztarna iluna.
erretzen dirau.
Eta deabruak naramala sua ez banaiz
gure garretan dirauenaren izenean.
-Eneko Ibarretxe-
2008/06/04
Zergaitik aldatu da?
Zergaitik bihurtu zen hainbeste gorrotatzen zuen horretan? Zergaitik utzi zituen alde batera bere lagunak? Beste gauza batek bete zezakeen haien lekua ala? Ez, ez zegoen leku hori betetzeko ezer, handitzeko agian bai. Baina iada lagunak urrun zeuden, ondoan euki arren. Bakarrik sentitzen zen, baztertua.
Zergaitik zen hain jeloskorra? Noiztik gainera? Ezin zuen ulertu zergaitik bikoteak egiten zituen gauzak mintzen zuten hainbeste bera. Beharbada jaltzeko beldur zen edota baztertua sentitzen zen honen ondoan ere. Ez daki zergaitik, baina arratsaldero jeloskortzen zen, honengaitik edo bestearengaitik. Bikoteak ez zekien ezer, jakin arren ez lukeelako bere izaera aldatuko.
Zergaitik bihurtu egin da hain pertsona isilean? Lehen beti barrez eta alai zebilen, orain bere begiek mindura garratz baten oihukatzaile dira. Lehen ez zeukan arazorik gertatzen zitzaiona kontatzeko, orain, ordea, dena gordetzen zuen bere barrenean.
Zergaitik?
Nik ez dakit zerk eragin duen aldaketa hori, baina nire esku balego, munduko ezabagailurik handiena hartuko nuke eta aldaketaren iturria ezabatuko nuke. Edozer emango nukeelako bere irribarrea berrz ikustearren.